2013(e)ko abenduaren 29(a), igandea

MUSIKA TRESNA BAT JOTZEAREN ONURAK



Musika tresna batekin aritzeak trebatu egiten ditu begiak eta eskuak. Memoria ere indartu egiten du, baita sormena eta hizkuntza-trebetasunak ere. Horrexegatik, hain zuzen, gero eta espezialista gehiagok gomendatzen dute haurrek musika ikas dezatela, hobetu egiten baititu idazketa eta irakurketa trebetasunak, dislexia duten haurrengan, nagusiki. Adimen espaziala ere nabarmen garatzen zaie musika tresna bat jotzen dutenei. Eta oso alderdi garrantzitsua da hori eguneroko bizitzan. Orientatzen jakiteko, adibidez, aski lagungarria gertatzen da adimen espaziala, berdin matematikako problema konplexuak ebazteko ere, eta itxuraz erraz errazak diren keinuak egiteko ere bai, hamaiketakoa biltzeko, esaterako. Gainera berehala ikusten dira musikaren onurak: adituek egindako kalkuluen arabera, ikasketari ekin eta 4 hilabetera hasten da susmatzen aldaketa.
Onura fisiologikoak ekartzeaz gain, haurren izaerari eta besteekin harremanetan egoteko gaitasunari ere eragiten dio musika tresna bat jotzeak. Oro har persona metodiko eta disziplinatuak izaten dira, xehetasunak zaintzen dituztenak, zereginak ongi planifikatzen dituztenak eta arreta jartzeko gaitasun nabarmena izaten dutenak. Eta dohain horiek guztiak, estimu handitan edukitzeko modukoak dira. Sarri askotan irakasleen aurrean aritu behar izaten du musika tresna bat jotzen duenak, edo aztertzaileen aurrean. Horri esker, beldurrari gain hartzen ikasten dute gazteek, herabetasuna gainditzen, eta segurtasuna eta autokonfidantza ematen die.
Hala ere, musika tresna bat jotzeak ekar ditzakeen onurak pikutara bota nahi ez baditugu, arretaz zaindu behar dira bi alderdi. Akats larria izango litzateke gurasoen aginduz eta haiek hala nahi dutelako has dadin haurra musika tresna bat jotzen, haurra bera guztiz konbentzituta egon Gabe. Horrela gertatzen bada kondena moduan biziko du haurrak jarduera hori. Haurrak ez dira zamatu behar. Eskolaz kanpoko jarduerekin hainbat gaitasun sozial eta kognitibo lantzen dituzte ikasleek, eta horietako batzuk nekez eskuratuko dituzte eskola barruan. Jostatzeko denbora ere eman behar zaie, familiarekin egoteko tartea edo atseden hartzeko beta. Horiek ere lehentasunezko jarduerak dira.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina